Euskararen ginkana
HEMEN DA EUSKARAREN GINKANA!! ETA 3.000 euroko SARIA DAKAR!
Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugu baina munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela barneratua al dugu? Hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!
Euskararen Ginkanaren 6. edizioan hizkuntza-ekologistak izateko hizkuntza praktika ekologikoak hartu dira gaitzat, berriz ere. Gainditu beharreko probak eta galderak, hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak izango dira.
Azalpena
Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen taldekako lehiaketa da Euskararen Ginkana.
Helburua, herritarren artean hizkuntzekiko sentiberatasuna eta euskararen erabilpena sustatzea da. Ekologiaren begirada hizkuntzetara ekarri eta hizkuntza guztien garapen jasangarrirako hizkuntza praktika ekologikoak proposatuz.
Bi fasetan burutzen den lehiaketa da Euskararen Ginkana. Lehen fasean, internet bidezko 5 proba erantzun beharko dituzte taldeek. Horietan puntuaziorik altuena eskuratzen duten lau taldeak pasako dira bigarren fasera, Donostiako Tabakaleran ospatuko den finalera hain zuzen ere. Bertan proposatzen diren probetan puntu gehien biltzen dituen taldea izango da 6.edizio honen irabazlea.
Euskararen Ginkanan izena emateko epea 2019ko urtarrilaren 30era egongo da zabalik. Parte hartzeko 4-6 laguneko taldea osatzea besterik ez duzue egin behar. Sakatu hemen izen-ematea gauzatu ahal izateko. Adi! Ginkanako lehen proba, urtarrilaren 23an argitaratuko da eta urtarrilaren 30a izango da erantzuteko azken eguna!
Lehiaketak bi fase ditu:
1. Fasea: INTERNET BIDEZKO FROGAK. 4-6 aste iraungo ditu fase honek. Webgunean, astero taldeek burutu beharreko proba bat argitaratuko da eta aste bete izango dute taldeek erantzunak bidaltzeko.
2. Fasea: FINALA. Internet bidezko probetan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeak pasako dira final presentzialera. Bertan erabakiko da nor den talde irabazlea!
Zein da lehiaketaren saria?
3.000 euro euskararen aldeko proiektu baterako! Ginkanako talde irabazleak aukeratutako euskararen aldeko proiektu bat sustatzen da. Proiektua, taldeak berak sustatzen duen proiektu baterako izan daiteke, edo taldeak euskararen alde diharduen talde bati laguntza ematea erabaki dezake.
Zer da Ekogunea eta zergatik Euskararen Ginkana?
Ekogunearen helburua KULTURA EKOLOGIKOA bultzatzea da, baita hizkuntzei dagokionean ere.
Hizkuntza-ekologiak, ekologiaren ikuspegia hizkuntzetara ekarri eta hizkuntza guztien berdintasunetik abiaturik, hizkuntza bakoitzaren garapen jasangarria lortzea du helburu. Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eta euskara biziberritzeko paradigma berri gisara planteatzen da.
Euskararen Ginkana, euskararen eremuan eta hizkuntza aniztasunean, euskaraz kalitatez bizitzeko hizkuntza praktika ekologikoak bultzatzeko baliabide eraginkorra da.
Zeinek parte hartu dezake Euskararen Ginkanan?
Parte hartzea taldekakoa izango da lehiaketa guztietan.
Talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko duten 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartzeko. 16 urte baina gehiago izan beharko dituzte taldekide guztiek.
Taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrila edo guraso zein ikasle taldeak izan daitezke. Baita egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola, euskalgintzako taldeak, talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar. Elkartu eta parte hartzeko gogoa besterik ez da behar!
Zein dira parte hartzeko baldintzak?
Izena eman ahal izateko, webguneko galdetegia betetzeaz gain, talde bakoitzak bideo labur batean grabatu beharko du taldearen eta sariarekin babestu nahi duen proiektuaren aurkezpen txiki bat.
Nola lortu ditzakegu puntu gehigarriak probak sarean partekatzean?
Euskararen Ginkanaren proba bakoitzetan puntuazio sistema zehazten da. Ginkanan parte hartzen duten lehiakideek ekarpen handia egin dezakezue, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasunaren aldeko praktikak mundu digitalean eta sare sozialetan lau haizetara zabaltzen. Euskararen Ginkanako proben eduki, gogoeta eta galderak zabaltzea saritua dago Euskararen Ginkanan. Ginkanako proba bakoitzean ikusiko duzue, puntuazio gehigarria jasotzeko bidea zein den.
ANIMATU, TALDETXOA OSATU ETA PARTE HARTU!
ZORTE ON GINKANAKIDEAK!