“Eraldaketa: SortzaileON afera” egitasmoa

Egitasmo berria abiatu du Irantzu Lekue artista garaikideak. Eraldaketa: SortzaileON afera proiektuak sorkuntza-prozesuari erreparatzea du helburu, emakume sortzaile euskaldunen sorkuntza-jarduera oinarri.

Olatz Alonso kazetaria eta Maider Oleaga zinegilea ari dira Irantzurekin batera proiektua gauzatzen eta proiektua hiru fase ezberdinetan planteatu dute: ahozkotasuna hasieran, sormen prozesua bigarren eta erakusketa publiko bat azkenik.

Egilearen hitzetan: “Sortzaileen prozesuari erreparatuko dio, bai, baina gazte eta emakumezkoen ikuspegitik. Kultura garaikideaz ariko da, garaiko belaunaldiekin”.

Normalean, bai sormenean, bai enpresa-munduan ere produktu bukatuak hobesten dira. Bukatuta dagoena aurkezten da, eta hori bakarrik eskaini ohi zaio “kontsumitzaile” edo kultur erabiltzaileari. Logika horren menpe, sorkuntza- prozesua artistarena baino ez da, eta, halabeharrez, pribatua bilakatzen da. Ondorioz, uste da produktua bukatuta egon ezean ezin dela aurkeztu… baina, hala da? Zergatik ez dugu publikoa prozesuaren parte bilakatzen? Zergatik ez esperimentazio horretako eragile bihurtu?

Horregatik, “Eraldaketa: SortzaileON afera”-ren helburua da prozesu hori erdigunean jartzea, prozesua, bidea, komunitatean egiteko / eragiteko aukera eskaintzeko.

Horrekin guztiarekin, bideo-arte bat osatuko dute, hainbat istorio muntatuta. Hala, modu ez linealean, hainbat emakumezko sortzaileren ibilbidearen eta obraren, haien bizitzen eta esperientzien, sentimenduen eta jarreren berri jasoko dute.

Proiektu honen parte izan nahi duzu? Zatoz Oiongo Bazterra aretora martxoaren 7an 19:00etan. Zuriñe Hidalgorekin sormenaren inguruan solastatuko gara, eta emakumeen lanak mahai gainean jarriko ditugu. Animatu!

Eraldaketa sortzaileON afera

ZURINE HIDALGO-001

Inprimatu